Manifestua

URAREN KULTURA BERRI BATEN ALDEKO EUROPAKO MARTXAK

Erakunde antolatzaileok aldarrikatzen dugun Plan Hidrologiko Nazionalak  (PHN) honako helburuak izan beharko lituzke: gaur egungo politika hidrologikoaren modernizazioa, ur eskariaren kudeaketa txukuna eta baliabide urri honen zenztuzko banaketa,  Europako Batasunak onartu berri duen Ur Araudiak agintzen duen moduan.

Zoritxarrez, Alderdi Popularrak (PP) inposatu digun PHN oso bestelakoa da:

1)        Ur eskaintzaren etengabeko hazkundean oinarritzen da, legez kanpoko interes espekulatzaileei men eginez eta neurriz kanpoko ustiapenak gure  ekosistema hidrikoetan izango dituen ondorioei erreparatu gabe.

2)        PHNk segida ematen dio dirulaguntza publikoetan eta herrilan erraldoietan oinarritutako politika zaharkituari: ehun bat urtegi handi, ur bideratze eta trasbase aurrikusten ditu. Egitasmo horiek, Ebroko trasbaseak bezala, kalte handia eragingo liekete ingurumenari, lurraldeari, bertan bizi direnei eta euren kulturari, Ondareari eta paisaiari. 

3)        Estatuko lurraldeen arteko desberdintasun ekonomiko eta sozialak areagotu egingo lituzke, gaur egungo desorekak larriagotuz (barnealdea/kostaldea, mendialdea/lautadak, hiria/baserriak).

4)        PHNk neurriz kanpoko ur eskaria sortuko luke berez ur eskasia handia duten hainbat eskualdetan. Horrek arazo larriak ekarriko lituzke epe luzera. Onartezina da ur gutxi duten tokietan elkartasunaren izenean halako eskaria bultzatzea, jakina baita eskari horren atzean interes espekulatzaileak daudela.

5)        PHNk areagotu egingo luke gure ibai, aintzira, delta, ibaiertzeko baso eta mendien narriadura, ez duelako kontuan hartzen ura ekosistema guztien biziaren eta gure osasunaren eta ongizatearen funtsa dela.  

6)        Plan honek uraren salerosketa du ardatz, PPk eta CiUk aurreko legegintzaldian inposatu zuten Ur Legearen Erreformaren bide beretik doa eta. Gure iritziz, ura baliabide publikoa da eta, horregatik, baliabide hori kudeatzeko orduan herritar guztien interesak hartu beharko lirateke kontuan.

7)         Planak ez du aintzat hartzen klimaren aldaketa nabarmen murrizten ari dela gure baliabide hidrikoak. Etorkizunerako egitasmoak zuhurtziaz eta errealismoz taxutu beharrean, PHN onartu duten agintariak axolagabekeriaz ari dira jokatzen.

Kalean, milaka eta milaka herritarrek eskatu dute plana atzera bota dezaten. Mobilizazio itzelak izan dira, baina, hala ere, Espainiako Gobernuak entzungor egin die herritarren kritikei eta zientzialarien proposamenei, eta bere nahia inposatu du CiUren eta Coalicion Canariaren laguntzaz.

Plan honen onarpenak axolagabekeria handia erakusten du, ez dituelako kontuan hartzen Europako Batasunak Ur Araudian zehaztu dituen irizpide eta helburu berriak. Espainiako Gobernuak presa handia zeukan plana lehenbailehen onartzeko, eta, presaren presaz, Europan indarrean dauden hainbat Araudi urratu ditu: Habitatena, Hegaztiena… Era berean, ez du kontuan hartu laster onartzekoa den Ingurumen Azterketa Estrategikoa. Horrez gainera, nabarmentzekoa da PHNk aurrikusten dituen hainbat herrilan auzitan daudela gaur egun eta Ingurumen Ministeritzan ardura handia izandako zenbait kargu epaileen aurrean ari direla deklaratzen. 

Egoera honetan, ezinbestekoa da uraren planifikazioren eta kudeaketaren inguruan eztabaida zabala bultzatzea. Eztabaida horrek demokratikoa eta irekia behar du izan, lurralde eta kaltedun guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten. Gure ustez, Europa osoak egin behar dio aurre herritarren partehartze demokratikoaren arazoari, are gehiago kontuan izanda Espainiak Europako dirulaguntzak beharko dituela Plan hori aurrera atera ahal izateko.

Hori guztia dela eta, Ebroko Deltatik Bruselara joango den martxa jarri dugu abian. URAREN KULTURA BERRI BATEN ALDEKO EUROPAKO MARTXAK honako helburuak ditu:

1)     Gure arroetako baliabideen erabilera iraunkorra bermatuko duen planifikazioa. Planfikazioa behar bezala egiteko, nahitaezkoa da zehatz-mehatz jakitea zenbateko  kontsumoa dagoen gaur egun, eta oinarritzat baliabide guztien kudeaketa demokratikoa hartzea.

2)     Uraren zentzuzko erabilera, ahalik eta ur gehien aurrezteko ahaleginak eginez. Banaketa sareetan galerak murriztu, ureztatze teknika eraginkorragoak erabili, erabilitako ura garbitu eta berriro erabiltzeko teknikak bultzatu… Hamaika neurri har daitezke ura alferrik gal ez dadin.

3)     Legeak betearazi. Zorrotz jokatu behar da gehiegizko ustiapenak, kontrolik gabeko isurketak eta legez kanpoko ur-hartzeak behin betiko amai daitezen.

4)     Garapen iraunkorra eta orekatua ahalbidetuko duen lurralde antolamendua, elkartasunean oinarriturikoa.

5)     Gure ekosistema hidrikoak berreskuratzea, hainbeste urteetako erasoen ondorioz oso hondatuak baitaute.

6)     Kultur Ondarea berreskuratu eta zaintzea. Gure kultura oso lotua dago paisaiari, eta gure historiari eta kultur adierazpenei eusteko ezinbestekoa da ingurumena behar bezala zaintzea.

7)     Espainiak eta Portugalek elkarrekin egin ditzatela bi herri horien arteko arroilen planifikazioa, hala agintzen baitu Europako Araudiak.

 

Hainbat aditu independentek azaldu dutenez, Planaren kostuak espero diren etekinak baino askoz ere handiagoak dira. Horrek esan nahi du Plana gauzatzeko nahitaez beharko direla Bruselako dirulaguntzak, eta hori Europatik datozen irizpideen kontra doa. Zentzugabea da Europako sosak Espainian inoiz izan den atentatu ekologiko handiena finantzatzeko erabiltzea. Dirulaguntza horiek, gainera, Europako lege politikoak urratuko lituzkete, eraikuntza enpresen eta konpainia elektrikoen mesedetan. Dirulaguntzak publikoak izango lirateke, baina etekinak multinazionalek eskuratuko lituzkete, urarekin espekulatuz.

 

Hori dela eta, EUROPAKO MARTXA abian jarri dugun erakundeok zera nahi dugu:

1)         Europako fondoak blokatu, PHNk aurrikusten dituen egitasmo kaltegarrienek Bruselatik sosik jaso ez dezaten.

2)         Europa osoan URAREN KULTURA BERRIAREN aldeko jarrerak bultzatu, uraren kudeaketa demokratizatuz eta herritarren partehartzea areagotuz, beti ere garapen iraunkorraren ikuspegitik.

3)         Europako Batasunaren Uraren Araudia zorroztasunez garatu, hondamendi gehiagorik izan ez dadin.

MarchaBruselas.com